2018(e)ko abenduaren 20(a), osteguna

ZATIKETA DIGITALA

Gaur egun, teknologia gizartearen garapen eta aurrerapenerako tresna kontsideratzen da. Internetek aukera berriak sorrarazi dizkigu; hau da, digitalizazioaren hazkundeak herrialdeko garapen teknologikoa ez ezik, grapen soziala eta ekonomikoa suposatu du. Baina, aldi berean, internetek itxaropena esan nahi du, egungo gizartea informazioarena da, uneoro eskura daitekeelako edozer eta uneoro gaudelako konektatuta.

Internet eta teknologia berriei buruzko eztabaida gure artean etengabe ikusten dugu; gizarteko arlo guztietan gertatzen den era berean, teknologia esparruan hainbat arazo sortu direlako. Arazo horietako bat bretxa edo zatiketa digitala da. Zatiketa digitala gizarte-taldeen arteko desberdintasunak dira, informazioaren eta komunikazioaren teknologien sarbide eta erabilerak izan ditzakeen mugen arabera. Zatiketa digitalak arazo ekonomiko, sozial edo geografikoak direla eta, hutsuneak sortu ditu; izan ere, gizatalde batzuk teknologia berrien erabileratik mugatuta daude. Era berean, talde horiek gizarte antolamendutik kanpo gelditzen dira hein batean, teknologiarako sarbidea izan ezean, ezagutza berriak eskuratzeko informazioa lortzea oso zaila baita.

Zergatik bihurtu da garapen globala izan daiteken zerbait arazo sozial? Bizi dugun testuinguru sozioekonomiko neoliberalarengatik, gaur egun daukagun merkatuen hegemoniarengatik. Globalizazioa aldaketa ekonomiko honen adierazpena baino ez da, eta gaur egungo botere nagusiek herrialde nagusien garapena bilatu nahian, ezin ekidin ditzakete aspalditik desagerrarazi nahi diren desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalak.

Hala ere, jakina da mundua antolatzen duen sistema kapitalistak definizioz ekonomiatik kanpo uzten dituela zenbait gizatalde. Baina, funtsean, zatiketa digitalaren beste arazoetako bat ez da teknologia erabilpenean izan daitezkeen muga ekonomikoak, zailtasunak baizik. Askotan entzun dugu internet bidezko ordainketak hartu duen indarraz eta esku-diruaren behin betiko desagerpenaz. Erregimen modernoko demografia erreparatuta, biztanleriaren zahartzea ukaezina da. Eta garai desberdinetara ohituta, gero eta ugariagoak dira adinekoek teknologia berriekin izaten dituzten arazoak.

Gure ekonomia sistema eta gizarte antolamendua interneten menpe antolatzen badugu, zer gertatuko da berrikuntza hauek ordaindu ezin edo kontrolatzen ez dakitenekin? Sistematik kanpo geratuko dira? Inklusioa eta gizartearen garapen soziala helburutzat hartzen den garaian, desberdintasunak oraindik suma daitezke, globalizazioaren parte den digitalizazioaren hazkundeak hainbat pertsona sistematik kanpo uzten baititu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.