2020(e)ko apirilaren 10(a), ostirala

GIZA BALIABIDE SAILA


GIZA BALIABIDE SAILA

Guztiok dakigun bezala, enpresa batek bere jarduera modu efiziente batean egin ahal izateko, oso ondo antolatuta egin behar da, zehazki esanda, hainbat sailetan: marketin-saila (produktua merkaturatzeaz arduratzen da), biltegi-saila (lehengaiak, salgaiak, produktu bukatuak... biltegiratzeaz arduratzen da)... Dena dela, sail horien artean funtsezkoa den, baina garrantzi txikia ematen zaion sail bat dago: Giza baliabide saila.

Giza baliabide saila enpresaren giza-kapitalaren (enpresan lan egiten duten langileak) kudeaketaz eta administrazioaz arduratzen da. Sail hau enpresaren barruan antolatuta dagoen pertsona talde batez osatuta dago, eta hainbat helburu ditu: enpresak behar dituen langileak aukeratu eta prestatu, langileek beraien lana egiteko behar dituzten baliabideak eman, eta langilearen beharrak asetzen saiatu.

Giza baliabide sailak, enpresa bat osatzen duten gainontzeko sail bakoitzak bezala, funtzio zehatz batzuk ditu:

  • Langileen bilaketa: Sail honetako langileek lanpostu zehatz bat betetzeko zein den langile profil hoberena zehaztu behar dute. Gainera, ekintza desberdinak egin beharko dituzte kandidatu hoberenak erakartzeko. 
  • Aukeraketa: Funtzio hau oso garrantzitsua da, izan ere, enpresa baten arrakastan eragina daukaten faktoreetako bat langile egokien aukeraketa da. Kandidatuak lanpostura eskaintzen dituen gaitasun guztien analisi bat egin behar da, eta horretarako hainbat frogetatik pasatu behar da. Froga erabiliena lan-elkarrizketa da.
  • Langileen barneratze egokia: Giza baliabide sailak langileak beraien lanpostura eta enpresara ongi egokitzen eta barneratzen direla ziurtatu behar du.
  • Langileak motibatzea: Giza baliabide saila enpresaren langileak ondo sentitzen eta motibatzen saiatu behar da. Hainbat modu daude hori lortzeko: pizgarriak ematea, autonomia gehiago ematea, harremanak sustatzea, langileak baloratuak sentitzea...
  • Prestakuntza eta gaikuntza: Enpresak langileak prestatu behar ditu, abilezia nahikoa daukatela ziurtatzeko, eta gizartean ematen diren aldakuntza eta garapen teknologikoei egokitzeko. Baina prestakuntza hau jarraia izan behar du, langileek denbora pasa ahala balioa irabazten dutela ziurtatzeko.
  • Jardueraren ebaluazioa eta langileen kontrola: Langileek egindako ekarpena neurtzea eta kontrolatzea beharrezkoa da. Esate baterako, langileen produktibitatea, puntualtasuna, taldean lan egiteko gaitasuna...
  • Lan giroa eta asetasuna ("satisfacción"): Langilearen asetasuna neurtu behar da, eta atsekabea eragiten duten kausak detektatu behar dira, neurri zuzentzaileak ezartzeko.
  • Langileen administrazioa: Langileak izateak ekartzen dituen tramite juridiko-administratibo guztiak (nominak ordaintzea, gizarte segurantza, langileen eskubide eta eginbeharren kontrola...) kudeatzea. 
  • Lan-harremanak: Enpresa eta bere langileen arteko harremana sustatzea, bi aldeen ordezkari sindikalen bitartez. 
  • Lan-arriskuen prebentzioa: Langileen lan-baldintzen eta lan-arriskuen azterketak egitea, eta arazo horiek konpontzeko neurriak ezartzeko, langileen bizitza arriskuan ez jartzeko helburuarekin.
Borobiltzeko, aurreko funtzio gehienak funtzio bakar batean bildu daitezke: Giza baliabide sailaren funtzioa langile hoberenak erakartzea, kontratatzea, prestatzea eta motibatzea da.


Amaitzeko, nire iritziz, giza baliabide saila enpresa batek arrakasta izateko funtsezko elementu bat da, izan ere, sail hau gabe ezinezkoa izango zen enpresaren eskulana ongi antolatuta izatea, eta enpresaren jarduera modu efiziente batean egin. Beraz, nire ustez, ez bakarrik enpresek, baizik eta gizarteak, garrantzi gehiago eman behar dio hain garrantzitsua den sail honi.

BIBLIOGRAFIA:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.