Abuztuaren 21ean Tsiprasek, gaur egungo Greziako lehen ministroa, finantza erreskatearen amaiera sinatu du.
2010eko apirilean, orduan lehen ministro zen Yorgos Papandreu sozialistak, Nazioarteko Moneta Funtsari laguntza finantziarioa eskatu zion, lehen erreskatea eskatuz. Zortzi urte ondoren eurotaldeak azken erreskatea emango dio, laugarrena. Garrantzitsuena ordea, zorpetzearen zama arintzeko neurriak onartu dizkiotela da.
2018ko abuztuko akordioa historikoa izan da. Greziak jaso zuen lehen erreskateko zor handiena, ia 100.000 milioi euro, ordaintzen hasteko epea hamar urtez luzatu da, horrek esan nahi du 2022an ordaintzen hası beharrean 2032an hasiko dela. Horrekin batera Europako Banku Zentralak eta euroguneko beste banku zentralek Greziaren zorrarekin kobratzen dituzten interesen dirua bueltatuko diote Atenasi, 2022 urtera arte, 1.000 milioi inguru izango dira.
Azken hamarkadan greziar ekonomiak astindu bortitza jaso du. Hiru erreskate kateatu dituzte jarraian, eta 273.000 milioi mailegatu dizkiote euroguneko beste estatuek eta Nazioarteko Diru Funtsak. Trukean, gobernuak erreforma sakonak eta murrizketa gordinak egin ditu: langile publikoak kaleratu, soldatak jaitsi, pentsioak murriztu, pribatizazioak egin, negoziazio kolektiboa galdu eta zerga igoerak tartekatu dira.
Inpaktu soziala latza izan da: langabezia tasa %16 igo da azken hamarkadan, herritarren erosteko ahalmenak hondoa jo du, soldatak %30 erori dira, pobrezia egoeran bizi diren greziarren portzentajea bikoiztu egin da. Hartu behar izan zituzten neurriek adin tarte guztiak kolpatu dituzte : 2012. urtetik hona milioi erdi gaztek herrialdetik alde egin duten bitartean, pentsioak hamabi aldiz murriztu dira.
Kostalderik luzeena duen 13.herrialdea da Grezia, 1.400 irla dira eta Mediterraneo itsasoan kokagune estrategikoa du. Ez da kasualitatea, hirugarren erreskateak abian jarri duen pribatizazio prozesu erraldoiaren barruan herrialdeko dozena bat porturen salmenta aurreikusi izana. Honezkero esku pribatuetara pasatu dira portu nagusietako bi: Atenaseko Pireo eta Salonikako portua. Lehena, Txinako enpresa publiko baten esku geratu da (COSCO) eta bigarrena SEGT empresa taldearen esku -bertan nagusi dira diru funts alemanak-. Datorren udazkenean itxiko dute Alexandroupoliseko portuaren salmenta: Turkiarekin duen lur mugatik oso gertu, gas naturalaren banaketaren mapan kokapen tentagarria du honek ere.
Hala ere, azken bi urtetan ekonomiak hobera egin du. Joan den urtean ekonomia %1,4 handitu zen, aurten %1,9 igotzea espero dute eta heldu den urtean %2,3. Superabita %4,2 izan zen erreskate programan agindutako %3,5etik gora eta langabezia tasa ere jatsi egin da.
Greziatik bidaiatxo bat egin ezkero argi ikusten dira hartutako neurri hauen ondorioak: langile publikoen "haserrea"; hoteletako jabeak ez daude ados ordaindu behar dituzten zerga altuekin, esate baterako, BEZa orokorra hemengoa baino hiru puntu altuagoa da; argi dago azken urteetan errepideetan ez dutela diru askorik inbertitu; nahiz eta jasotzen duen turismo kopurua handia izan aeroportuak, autobus publikoak etb. oso zaharkituta daude... Hala ere, oso herrialde ederra da!
Informazio-iturriak:
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/itaka
https://www.bilbohiria.eus/9465
https://www.berria.eus/paperekoa/2014/014/001/2018-06-23/grezia_agur_erreskateari.htm
https://www.berria.eus/albisteak/112392/eurotaldeak_ez_du_luzatuko_greziaren_erreskatea.htm
Informazio-iturriak:
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/itaka
https://www.bilbohiria.eus/9465
https://www.berria.eus/paperekoa/2014/014/001/2018-06-23/grezia_agur_erreskateari.htm
https://www.berria.eus/albisteak/112392/eurotaldeak_ez_du_luzatuko_greziaren_erreskatea.htm
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.