Historian zehar, gizakiari
bizitzeko beharrezkoa egin zaion energiari esker gizartea hazten joan da, eta
horrek eboluzio bat suposatu du. Gure eguneroko bizitzako zati txiki bakoitza
energiari lotuz joan dela ikus dezakegu; esate baterako, argi artifiziala,
kalefakzioa, hozkailua, edo garraioa egunero erabiltzen ditugun baliabideak
dira. Baina nondik ateratzen dugu haien erabilpenerako energia?
Ekonomikoki energia-iturri errentagarrienak beti izan dira petrolioa, ikatza, gas naturala eta uranioa.
Hala ere, ez dira inondik inora ere aukera egokienak ingurunearekiko
errespetuaz hitz egiterako garaian. Izan ere, hauen gehiegizko erabilera egiten
da eta energia-iturri ez berriztagarriak direnez gero, egunen batean amaitu
egingo dira. Beraz, non dago baliabide natural horiek ustiatuz ahalik eta etekin
handiena ateratzeko muga?
Arazo horrek aurrera
jarraitzekotan, etorkizunean energiarik gabe bizitzeko arriskua egongo da, beraz,
azken urte hauetan, horretan pentsatzen ibili dira zientzialariak eta aurretik
aipatutako energia-iturriei alternatiba batzuk ematea lortu dute:
energia-iturri berriztagarriak. Azkeneko hauei buruz hitz egiten ari garenean, sorrera-iturri
moduan baliabide berriztagarriak erabiltzen dituztenei buruz ari gara, hau da, energia-iturri
ez berriztagarriak ez bezala, gizakiak planeta honetan bizirik iraungo duen
denboran, iturri agorrezinen jabe direnei buruz. Gainera, modu jarraitu batean, hau da, etengabe, ekoizten dira, ez dira agortzen eta haien iturburua prozesu naturalen bidez ematen da. Haizea, eguzkia, ur-lasterrak,
materia organikoaren deskonposizioa, itsasoko olatuen mugimenduak eta lurraren
barnealdeko beroa dira energia-iturri berriztagarri ezagunenak.
Nolanahi ere, energia-iturri
berriztagarrien kostua oso altua denez, haien merkaturatzea nahiko motela da. Baina,
hala ere, egunez egun energia konbentzionalen prezioa igotzen ari den heinean
eta meategiak agortzen ari diren heinean, energia berriztagarriak lekua hartuz
doaz merkatuan, eta baliabide onuragarriak bilakatzen ari dira. Hortaz, mugara
iritsi aurretik, energia-iturri berriztagarrien erabilpena sustatu nahiko nuke
krisi hau amaitu eta etorkizunean energia bermatu dadin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.