2018(e)ko apirilaren 24(a), asteartea

ARROTZA NIRE HIRIAN



Gogoan dut haurra nintzela nola jolasten nuen nire auzoko plazan, nire auzokideekin. Gogoan dut kalera irten eta jende ezaguna besterik ikusten ez nuen garaia, auzotar sentitzen nintzen garaia. Konstituzio plazan egoten nintzen sokasaltoarekin jolasten, auzoko haurrekin batera. Orain, haurra nintzenetik urte asko pasa ez diren arren, kosta egiten zait auzoko plazan auzotarrak topatzea. Etxeko balkoira irten, eta pareko eraikin osoa obretan ikusten dut; beste pentsio bat.

Donostian, urteak joan, urteak etorri, gero eta turista kopuru handiagoa dago. Kalera irten eta hizkuntza arrotzak besterik ez dira entzuten, eta arpegi arrotzak besterik ez dira ikusten. Garai batean, kalera atera eta turistaren bat ikusten nuen. Orain, ordea, kalera atera eta auzokideren bat besterik ez dut ikusten, ezezagunez inguratua. 

Horrez gain, zaila egiten zait hotelez betetzen ari den nire auzoan, hau da, Alde Zaharrean, nire etorkizuna irudikatzea. Gustatuko litzaidake nire auzoan bizi ahal izatea, baina ikusirik gero eta hotel edo apartamentu turistiko gehiago daudela, eta pisuak geroz eta garestiagoak direla, zaila ikusten dut etorkizunean nire auzoan bizi ahal izatea.

Edonork esango du ona dela horrenbeste turista Donostiara etortzea, dirua ekartzen baitute. Baina, norentzat da ona? Eta, norentzat ekartzen dute dirua? Egia esan, hau guztia gutxi batzuen interesen alde gertatzen da. Turistek uzten duten dirua enpresari eta nagusien eskuetan erortzen da, ez geure, hiritarron, eskuetan. Turistak kontsumitzen duten guztia, eta ordaintzen dituzten hotel eta apartamentuak ez ditugu guk kobratzen. Hiritarrok turistentzat lan egiten dugu, nagusiek dirua eraman dezaten. 

Kalera irten eta dena dago turistei begira prestatuta; dendak, tabernak, terrazak, aisialdirako ekintzak, prezioak, etab., eta nola ez; hotelak eta pentsioak albo guztietan, bertako biztanleez ahaztu izan balira bezala. Eraikitzen ari diren pentsio eta hotel guztiekin ez dago auzotarrentzat lekurik, eta gazteak ezin emantzipatu dabiltza, haien auzoan bizitzeko aukera urriekin, eta lan-baldintza eskasekin. 

Donostia turistentzako hiria bihurtzen ari dira, ez hiritarron bizileku. Erantzun gisara, Donostiar gazteak turismoaren aurka borrokan ari dira, hiria hiritarrentzat dela aldarrikatuz. Gazteok geure auzoetan bizi eta duintasunez lan egin nahi dugu, ez dugu geure auzoan arrotzak sentitu nahi.

Aitortu beharra dago denoi gustatzen zaigula turismoa egitea, baina nik uste dut mugak jartzen jakin behar dela. Ez dut esan nahi turistak etortzea gaizki iruditzen zaidanik, etor daitezela geure hiri ederra ikustera. Esan nahi dudana da, Donostia ez dela horren handia beste hainbat hirirekin alderatuta, eta hiritarroi eman behar zaigula lehentasuna. Nire iritziz, turismoari mugak jarri behar dizkiote, jende gehiegi etortzen baita, eta ez oporretan bakarrik, eguneroko gauza bihurtzen ari da. Badakit jende asko turismoaz bizi dela, eta zilegi dela uste dut, baina ez gaitzatela hiritar guztiok baldintzatu. Gainera, niri, turista bezala, beste herrialdeetara noanean hango jendea eta kultura ikustea gustatzen zait. Donostian ordea, turistek turistekin besterik ez dute topo egingo horrela jarraitzen badugu, eta hiriaren xarma erabat galduko du, gertatzen ari den gisan.

Nik, auzotar bezela, ez dut nire auzoan arrotza sentitzen jarraitu nahi, eta nire ustez, egoera hau kontrolatu beharra dago. Ezin diegu enpresari eta nagusiei geure lepotik aberasten utzi, bizilekurik gabe uzten gaituzten bitartean. Izan dadila Donostia bai auzotarrarentzat eta bai turistarentzat leku aproposa, gaur egun, ez baita aproposa ez bata ez bestearentzat. Beti bezala, argi geratu da geure hirian zerri ematen zaion lehentasuna.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.