Gaur egun oso ezagunak dira Gabonak eta San Valentin bezalako jai egunak, izan ere, kontsumoarekin lotuta dauden ospakizunak dira. Gure gertukoei maitasuna adieraztearen atzetik, enpresek eratutako negozioa dago, izan ere, erosketak egitera bultzatzen gaituzte. Erostea edo kontsumitzea, ekintza sozial eta ohikoa bihurtu dugu, eta ezinbesteko behar moduan sentitzen dugu askotan.
Egunerokotasunean, inguruan onartuak izateko eta gizartean integratuak sentitzeko, askotan, kontsumora jotzen dugu. Nola izango naiz guraso ona nire seme-alabek ez badituzte opari asko jasotzen Olentzero eta erregeak etortzean? Nola adieraziko diot nire bikoteari maite dudala, San Valentinen oparirik egin gabe? Nola izango naiz seme-alaba ona amaren egunean oparirik egin gabe? Askotan, zentzurik gabe erosten dugu, hau da, erostera behartuak sentitzen gara eta arrazoirik gabe erosten dugu (“comprar por comprar”). Adibidez, ospakizunetan, askotan, ez dakigunez zer oparitu, edozer erosten dugu eta hobeto ikusten dugu oparia jasoko duen pertsonari gustatu egingo ez zaion opari bat erostea, oparirik gabe joatea baino, izan ere, bigarren hau gizartean gaizki ikusita dago (gaizki gelditzen zara).
Horretaz gain, egoera horrek arazo larriak ekar ditzake, jakina denez, umeek txikitatik etxean ikusten dutena imitatzen dute (jokabideak, ohiturak…), eta hauen gurasoek beharrezkoak diren gauzak eta beharrezkoak ez direnak sailkatzen ez badituzte edo kontrolik jartzen ez badute, umeek ere ez dute beharrezkoa eta ez-beharrezkoa desberdintzen jakingo. Horrekin batera, batzuk beharrezkoak ez dituzten eta luxuzkoak diren ondasunak kontsumitzen dituzten bitartean, mundu osoan zehar, bizitzeko behar minimoak ase ezin dituzten pertsonak daude.
Enpresek jai egun hauek baliatzen dituzte, haien ondasunak ahal den kantitate handienean saltzeko. Hasteko, ospakizunean “tradizio” , “ohiko” edo “garrantzitsuak” diren produktuen prezioak igotzen dituzte. San Valentinen, adibidez, marrubien eta loreen prezioa igo egin zen eta gabonetan, aldiz, turroiaren prezioa. Gainera, egun berezi horietan, mota askotariko ofertak eta eskaintza bereziak eskaintzen dituzte, bezeroak gehiago erakartzeko eta horrela horiek gehiago kontsumitzeko. Publizitateak eta marketing-estrategiak ere kontsumismoa bultzatzera laguntzen dute, izan ere, beharrak sortzen dizkigute, adibidez, nahiz eta ondo funtzionatzen duen mugikorra eduki, merkatura atera den azkeneko mugikor arrakastatsuaren iragarkia ikusten dugunean, haren beharra sentitzen dugu. Gainera, gaur egun, aurrerapen teknologikoen eraginez, leku guztietan publizitatea ikusteko aukera dugu (telebistan, mugikorrean, karteletan, ordenagailuan…).
Kontsumismo konpultsibo hau, geroz eta normalizatuagoa dago, izan ere, guztiz onartua dugu erosketen kontua, eta beharrezkoak ez ditugun ondasunak edo zerbitzuak kontsumitzea normaltzat hartzen dugu. Orain, egun horietan oinarrizko den laguntasuna, konfiantza, gertutasuna edo maitasuna adierazteko gure sentimenduak adierazi beharrean, modan dauden edo publizitatean arrakasta duten ondasunak erosten ditugu.
Errealitatearen egoeraz jabetzen direnak, beharrezko eta ez-beharrezko ondasunak desberdintzen dituzte eta beharrezkoak ez diren horien kopurua kontrolatzen dute. Dena dela, nire ustez, geure buruari “kapritxoak” ere eman behar dizkiogu noizean behin, baina modu kontrolatu eta erregulatu batean. Azkenik, gizartean ez bada aldaketarik egiten, detaile txikien edo sentimenduen adierazpenaren balioa galduko da, eta enpresa handiek gu kontrolatuko eta manipulatuko gaituzte. Beraz, gizarteak gogoeta sakona egin behar luke geroz eta gehiago zabaltzen ari den kontsumo honi buruz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.