2018(e)ko martxoaren 10(a), larunbata

HALA AL DA?


Hainbatetan entzuten ditugu lan-eremuaren inguruan sexismoa aipatzen duten eztabaidak esanez emakumeek gutxiago kobratzen dutela lan beragatik, baina, hala al da?
Estatistikaren bidez ezin da konparatu lan beragatik emakumeek eta gizonek soldata bera ez dutenik, baina bai islatzen du gehiago kobratzen den lanpostuetan emakume gutxiagok egiten dutela lan, nahiz eta formakuntza hobea eduki. Hori lan-eremuko sexismoaren adierazle argietako bat da, beste zenbaiten artean.
Espainian, 2015eko ordainketa gordinen bataz bestekoa gizonezko langileen artean 25.992,76 eurokoa izan zen, eta emakumezkoena, berriz, 20.051,58 eurokoa, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera. Honen arabera, emakumeen ordainketa gordina bataz beste gizonezkoena baino %23 gutxiagokoa izan zen 2015ean. Diferentzia hau urteko “brecha salarial de genero” delakoa da, behin eta berriz telebistan eta beste komunikabideetan entzuten duguna. Hau da, generoaren arabera soldaten artean dagoen diferentzia.
Gizonezkoek gehiago lan egiten dute lanpostu hobeetan edo gehiago kobratzen denetan, eta emakumeek baino gehiago egiten dute lan jornada osoan. Bada jendea esaten duena hau hala dela kasualitatez gizonezko horiek hobeto prestatuta egon daitezkela, baina askotan ez da hala. Kasuak eta kasuak daude non emakumearen formakuntza gizonarena baino hobea den eta hala ere gizona bera baino postu hobe batean dagoen. Honen ondorioz, gizonezkoek orokorrean gehiago kobratzen dute, postu hoiek soldata hobea dutelako.
Emakumeek orokorrean gehiago egiten dute lan jornada murritzean gizonek baino, eta ondorioz, ordu gutxiago egiten dute lan urte batean zehar. Jornada murritzeko lanpostuen %75a emakumeena da, izan ere, emakume langile guztien artean %25ak jornada murritza du, eta gizonen artean ordea, %8ak besterik ez.
Bada jendea aipatutako diferentzia hau gaizki ulertzen duena. Hau da, emakumeek kobratzen dutenaren eta gizonek kobratzen dutenaren arteko diferentzia honek, ez du esan nahi emakumeak lanpostu beragatik gutxiago kobratzen duenik. Esan nahi duen gauza bakarra da, emakume gehiago daudela ordu gutxiago lan egiten dutenak, eta orokorrean, gizonek lanpostu hobeak dituztela. Horrek ez du justifikatzen diskriminazioa ez dagoenik, izan ere, badago, aipatu bezala, formakuntza hobeko emakumeen ordez gizonak kontratatzen dituztelako askotan. Baina ez gaitezen erratu, lanpostu eta ordutegi bera eukita, emakumeak gizonak baino gutxiago kobratzea ilegala da, eta kontratupeko lanpostu legaletan, ez da hori gertatzen orokorrean. Enpresaria behartuta dago legediagatik diru kopuru bera ordaintzera gizon eta emakumeei balore bereko lana egiteagatik edo lan bera egiteagatik.
Aipatu bezala, horrek ez du esan nahi sexismoa ez dagoenik. Izan ere, enpresa askok emakumea diskriminatzen dute. Ulertarazi nahi dudana da, jende askok kontzeptuak nahasten dituela “brecha salarial” delakoa entzutean. Eta argi geratu behar da soldata diferentzia horietaz hitz egiten dugunean, ez garela lan bera egiten duten emakume eta gizonez ari, legez soldata bera eduki behar baitute, beti betetzen ez den arren. Diferentzia horrekin esan nahi dena da gizonezkoek ordu gehiagoko eta soldata hobeko lanpostuak dituztela orokorrean, hobeto formatutako emakume batzuk egon arren. Eta hau, sexismoa eta diskriminazioa da, eta hori bezala, beste milaka eta milaka adibide daude emakumearen zapalkuntzarenak lan-eremuetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.