Aurreko batean ingeleseko klasean arropan dirua aurrezteaz hizketan ari ginela, irakasleak geure arropa non egina zen galdetu zigun. Denok etiketak begiratzen jarri ginen, eta jasotako erantzunek zer pentsatua eman zidaten. Guztiok aipatu genituen herrialde berdinak, Txina, India, etab., eta orduan, irakaslea haurren esplotazioaz hitz egiten hasi zitzaigun. Denok dakigu herrialde horietan horrelako kasuak ematen direla, eta gero guk enpresa horietan erosten dugula arropa, baina benetan horrelako elkarrizketak eduki arte ez gara pentsatzen jartzen.
Asia hegoaldean, 100 milioi haur baino gehiago dira oso egoera gogorretan eta ordu askoz lan egiten dutenak, hilabetean 15-20 euro besterik ez irabazteko. Gainera, oso egoera txarretan egiten dute lan, batere segurtasunik eta higienerik gabe. Eta zergatik kontratatzen dituzte haurrak? Haurren lana helduena baino merkeagoa delako, eta horrela, enpresen irabaziak handiagoak izaten direlako. Haur horiek normalean ez dituzte ikasketak izaten, beraz, ez dute beste aukerarik. Gainera, askoz errazagoa da haurrak manipulatzea helduak manipulatzea baino.
Arropa erostera joaten garenean, beti joaten gara gauza merkeen bila, eta ez dugu pentsatzen zergatik ote den horren merkea eta zer egon daiteken horren guztiaren atzetik. Ez gara konturatzen, baina kamixeta batean gastatzen ditugun 10€-ekin enpresa handiak aberasten ari gara, eta askotan, haurrak esplotatzen dituzten enpresak. Ez dirudien arren, milaka eta milaka pertsonen 10€-ekin jende asko ari da aberasten, ez dutelako haien produktuak garesti jartzeko beharrik aberasteko. Izan ere, produktuen ekoizpena oso merke ateratzen zaie, eta ondorioz, irabaziak izugarriak izaten dira.
Honen adibide dira esaterako jende guztiak dituen Nike zapatilak. Multinazional hau gure kontura aberasten ari da, beraz, esan daiteke haien esplotazioaren konplize garela, beste enpresa askorekin gertatzen den bezala. Ez gara konturatzen, baina guk modako zapatila polit haiek eraman ahal izateko, ehundaka haur ari dira ordu askoz lanean segurtasunik gabe, eta larriki gaixotzeko arriskuarekin, ondoren, miseria bat kobratzeko.
Nire ustez kontzientziatzen hasi behar genuke. Denok dakigu egoera hau egon badagoela, baina denok begiratzen dugu beste aldera. Egoera hau aldatzea enpresen esku dago, eta enpresa haiei dirua ematen jarraitzen dugun bitartean, gauzak ez dira aldatuko. Denok ari gara esplotazio horretan parte hartzen, gu gabe enpresa horiek ez luketelako aurrera jarraituko, eta beraz, ez lituzketelako haurrak esplotatuko.
Egia da denok nahiago dugula arropa merke erosi eta ahalik eta diru gutxien gastatu, baina ez al da hobe hiru kamixeta erosi beharrean, kamixeta garestiago bat erostea, halako gauza krudeletan parte hartu gabe? Nik uste dut enpresa handi horiek aberasten jarraitu beharrean, bertako komertzio txikietan egin beharko genituzkela erosketak. Izan ere, nahiz eta produktuak garestiagoak izan, hauek ekoitzi dituenak kondizio onetan egin du lan, eta gero merezitako soldata jasoko du. Gainera, zihurrenik bertan erositago gauzek urte gehiago iraungo digute, ez direlako gogoz kontra eta kondizio txarretan eginak izan, eta epe luzera hobeto etorriko zaigu diru gehiago utzi izana. Beraz, onartu dezagun guztiok ezagutzen dugun errealitatea, eta has gaitezen egoera honi buelta emateko zerbait egiten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.