2017(e)ko martxoaren 22(a), asteazkena

"Influencer" delakoen marketina

Interneten eta sare sozialetan sarritan ibili ohi den pertsona naiz. Egunero Instagram, Youtube edo Twitter bezalako plataformen erabilera egiten dut, non ikus-entzunezko edukia sortzen duen jendea jarraitzen dudan. Azkenaldian atentzioa deitu didan zerbaitez ohartu naiz, jarraitzaile asko dituzten erabiltzaileek haien edukian zenbait produktu edo zerbitzuen “publizitatea” sartzen baitute noizean behin.

Gaia interesgarria egiten zait ekimen hori online marketinerako estrategia ona iruditzen baitzait. Lehenik eta behin, haien produktu edo zerbitzuak jakitera eman nahi dituzten enpresek jarraitzaile kopuru handia duten pertsonak aukeratzen dituzte eskaintzen dutena zabaltzearren. Azkeneko horri “influencer” izena eman zaio, izan ere, ingelesez duen jatorrizko esanahia kontuan hartuz, sare sozialetan presentzia eta sinesgarritasuna duen pertsonatzat har genezake; beraz, influentzia horretaz baliatuz, haien jarraitzaileetara iristeko gaitasuna duen edonor “influencer” kontsidera genezake. Gainera, audientziarekin jarduten dakite eta aktiboak dira sare sozialetan; horregatik, jarraitzaileen artean konfiantza lortu dute, esaten dutenari balioa emanik eta erabiltzaileengana iritsirik.

Jendearen iritzia oso garrantzitsua da zerbait saltzeko asmoa badugu. Hori dela eta, saldu nahi denari buruzko iritzi positiboren bat zabaltzea ezbaian dagoen erosle potentzialari erosketa egiterako orduan ideiak argitzeko bide bat izan daiteke. Lagun, ezagun edo interesatuak gaudenari buruz aditua den pertsona baten iritziaz geroz eta gehiago fidatzen gara eta enpresak horretaz baliatzen dira, haien marketin taktika moduan online munduan eragin handia duten pertsonak erabiltzen baitituzte kanpainak geroz eta publiko handiago batera iris daitezen.


Bestalde, ekimen horrek “influencer” horiek gustuko dutena egiten (bideoak egitea, artikuluak idaztea...) bizitzea ahalbideratzen dituenez, interesgarria egiten zait eta etorkizunean lanbide garrantzitsu bat izango dela pentsatzen dut, Interneten hazkundea (komunikaziorako bide moduan) nabaria baita.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.