2021(e)ko apirilaren 22(a), osteguna

GREBA: FINKOTASUNA, ZERBITZU PUBLIKOAK BABESTEA….FUNTZIONARIOEN ERREBINDIKAZIOAK

 

EAEn grebara deitu dute hainbat sindikatuk apirilaren 22rako, (ELA, LAB, ESTEILAS, CCOO…). Zertarako? Bada, gure erkidegoan administrazioan diharduten langile asko eta asko (% 40, gutxi gorabehera; guztira 62.000 langile publiko) urte asko daramatelako lanean finkotasunik lortu gabe. Funtzionario interino edo behin-behineko funtzionario hauek Administrazioko arlo eta maila ezberdinetan ari dira zerbitzu publikoak eskaintzen (Hezkuntzan, Osakidetzan, Ertzaintzan, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorrean, aldundietan eta udaletan). Egoera horri “abusuzko interinitatea” esaten zaio.

 

Administrazioan lan egiteko eta  funtzionario finko bihurtzeko, oposaketak (azterketak) egin behar dira, eta, orain, Eusko Jaurlaritzak, oposaketak egin nahi ditu lanpostuak, (batzuk, ez guztiak) finko bihurtzeko; baina hainbeste urte lanean aritu diren funtzionarioek esaten dute ez dutela berriro azterketarik egin behar, zuzenean bihurtu behar dituztela finko, hainbat arrazoirengatik: sartzeko oposaketa bat egin zuten; urte asko daramate lanean, abusuzko egoeran, eta beren kapazitatea frogatu dute;  EZ DA JUSTUA, BERAZ, BERRIRO ERE OPOSAKETAK (AZTERKETAK) EGIN BEHAR IZATEA HAINBESTE URTE ONDOREN .

Era berean, zerbitzu publikoak babestea lortu nahi dute, zeren pentsatzen dute Eusko Jaurlaritzak langile-kopurua gutxitzea nahi duela, eta lanak enpresei ematea, hau da, pribatizatzea (Hezkuntza, Osakidetza…), horregatik ez dituzte finko bihurtzen. Eta haien ustez, hori ez da ona herritarrontzat; izan ere, enpresek dirua irabazi nahi dutenez, zerbitzu okerragoak (osasuna, hezkuntza…) eskaintzen dituzte, eta langileek ere baldintza okerragoetan egiten dute lan.

KONTZEPTUAK:

Behin-behineko funtzionarioa/funtzionario interinoa vs funtzionario finkoa

(Oharra: funtzionarioa edo langile publikoa)

Administrazio publikoetako langileei “funtzionario” esaten zaie, eta izan daitezke behin-behinekoak eta finkoak. Lehenengo 3 urteetan “interino/ behin-behineko funtzionarioa” zara, hau da, ez zara “funtzionario finkoa”, eta kaleratua izan zaitezke.

Oposaketa (azterketa)

Administrazioan sartzeko (Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, udaletan, aldundietan…), beti egin behar da “oposizio” bat (finean, azterketa bat da). 

Abusuzko (gehiegizko) interinitatea

Hiru urte interino bezala lan egin ondoren, Administrazioa behartuta dago finko bihurtzera, eta horretarako beste oposaketa bat egin behar da. Eta hortxe dago arazoa: goian aipatu ditugun 62.000 langile horiek hiru urte baina askoz ere gehiago (batzuk 20tik gora) daramatela lanean, eta ez zaiela aukerarik eman finkotasuna lortzeko. Horregatik esaten dute “abusuzko (gehiegizko) interinitatea” egon dela, hiru urte baino gehiago daramatelako interino. Eta hori legez kontrakoa denez, abusua egon da.

 

Publikoa vs pribatua

Administrazioaren zerbitzuak (Osasuna, Hezkuntza, Kultura,…) publikoak direla esaten da, hau da, doakoak direla (langile eta enpresen zergekin ordaintzen da), eta zerbitzu horietan lan egiten dutenak “funtzionarioak” dira.

Enpresek, berriz, zerbitzu pribatuak ematen dituzte, eta hor lanean ari direnak “langileak” dira, ez funtzionarioak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.