Sexismoa jada garaituta dagoela pentsatzen den gizarte honetan, eta espainiar gizarteaz ari naiz hitz egiten, ez Arabia Sauditaz, hainbat fenomeno ditugu erreparatzeko oraindik.
Emakumeok jasaten ditugun bidegabakeriez asko hitz egiten da (hala ere ez da inoiz nahikoa) hala nola, emakumeon soldatak baxuagoak izaten direlako edo hainbat lanpostutan ez garelako onartuak izaten haurdun gera gaitezkeelako eta baja hartu beharko genukeelako. Baina badaude hainbat fenomeno nolabait kamuflatuta geratzen direnak.
Lehengo egunean entzungailu batzuk apurtu zitzaizkidan eta beste batzuk erosteko asmotan joan nintzen Alcampo hipermerkatura, eta prezioa ikusi nuenean harritu egin nintzen, izan ere aurrekoan baino garestiagoak ziren. Hala eta guztiz ere hartu egin nituen baina azkeneko begiradatxo bat bota nuenean ohartu nintzen entzungailu berberak zaudela prezio baxuagoan, 1,7 merkeagoak hain zuzen ere. Lehenengo gauza pentsatu nuena izan zen errore bat zela, baina gero adiago begiratu nuen eta ikusi nuen garestienak arrosa kolorekoak zirela eta besteak grisak.
Ez nuen denbora asko behar izan ohartzeko Pink Tax bezala ezagututako fenomenoaren ondorio zela. Egia da entzunda nuela tasa hori aplikatzen zela higieneko produktuei edota ehungintzako produktuei, izan ere “batzuk emakumeontzat dira eta besteak gizonentzat”. Baina entzungailuena oraindik zentzugabeagoa iruditu zitzaidan, horregatik informazioa bilatzeari ekin nion.
Lehenengoz aurkitu nuen datu interesgarria izan zen produktu bat publiko femenino bati zuzenduta badago %7 garestiago izango dela publiko maskulino bati zuzenduta egongo balitz baino. Horrez gain, irakurri nuen emakume bati -gizarte honetako rolak jarraituko balituzke, noski- janztea gizon bati baino %8 gehiago kostatuko zaiola, eta higiene-produktuak erostea berriz %13 gehiago.
Ondorio bat atetzerako garaian erraza da esatea errua enpresa eta multinazional handiena dela, baina nik uste dut arazoari sustraietatik heldu behar zaiola. Sexismoa ez dute enpresaburuek sortu, beraiek hortaz aberastu dira. Arazoa hezkuntzan dago, horregatik, nik uste guraso izateak suposatzen duen ardura kontuan hartu behar dela mundu honetara pertsona gehiago ekarri aurretik. Garrantzitsua da umeei hezkuntza on bat ematea eta errealitatea den bezalakoa erakustea.
Hala eta guztiz ere, boikota beti da ongi etorria horrelako kasuetan.
http://www.muypymes.com/2015/12/29/pink-tax-como-las-mujeres-pagan-mas-por-los-mismos-productos
http://www.muypymes.com/2015/12/29/pink-tax-como-las-mujeres-pagan-mas-por-los-mismos-productos
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.