2016(e)ko abenduaren 13(a), asteartea

%21eko BEZ kulturala

Aurreko astean lehenengo aldiz joan nintzen zinemara urtea hasi zenetik pelikula bat ikustera eta, leihatilara ordaintzera nindoanean, harrituta geratu nintzen prezioarekin ez bainintzen gogoratzen zein garestia zen zinemarako sarrera. Gogoan dut 2012an Espainiako gobernuak BEZ kulturala %21era igo izana (euroguneko BEZ kulturalik altuena), baina garai hartan ez nintzen ohartzen horrek gizartean edukiko zuen eraginaz.

            Hasteko, kontuan hartu behar dugu krisi ekonomiko sakon batetik “ateratzen” ari garela, eta egoera ez dela oso atsegina familia askorentzat, ez baitute eroso bizi ahal izateko adina baliabide ekonomiko. Horregatik, ezinezkoa egiten zaie halako zerbitzuengatik ordaintzea eta, ondorioz, kultura albo batera uztera behartuta sentitzen dira. Hala ere, interneten erabilerarekin batera, pirateria edo sareko “lapurreta” areagotzen ari da, kultura kontsumitzeko nahia asetzearren. Modu honetan, kultura-ekoizleek produzitzen dutenari ez diote errentagarritasunik ikusten (arlo artistikoaz gain), azken finean ez dutelako haien lanarengatik trukean irabazi beharrekoa jasotzen. Horrenbestez, mundu horretatik bizi diren pertsona askok edukia sortzeari uzten diote, kultura-maila jaitsaraziz.


Ulertzen dut gobernuak arrazoi ekonomikoengatik BEZa igotzeko premia izatea eta, beraz, nahiago izatea zerga hori kultura-arloetan ezarri, bizitzeko ezinbestekoak diren gauzetan ezartzea baino, esaterako, oinarrizko janarietan. Dena dela, nire iritziz, ez genuke kultura luxutzat hartu behar, denok baitaukagu hau eskuratu ahal izateko eskubidea. Gainera, ez al da Estatua bera kulturaren sustatzailea? Ezin gara besoak gurutzaturik geratu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.