Gaur goizean, aitak jantzita zeraman kamiseta gustatu eta berari adierazi diot, berak ordea, Decathlonen erositakoa dela esan dit, 5€ko prezioarekin gutxi gora behera, Nepalen esplotatutako eskulana ordua 7 zentimotara ordainduz. Erdi txantxetan esan du, baina biok ongi dakigu ez dela inondik inora broma bat. Gertakari hau aprobetxatu nahi dut bidezko merkataritzari buruz hitz egiteko.
Nazioartean adostu duten bidezko merkataritzaren definizioa hau da:
“Elkarrizketan, gardentasunean eta errespetuan oinarritutako sistema komertziala da bidezko merkataritza. Bere helburua nazioarteko merkataritzan zuzentasun handiagoa izatea da, gizarte- eta ingurumen-irizpideei arreta handiagoa jarriz.
Garapen iraunkorrari laguntzen dio, merkataritza-baldintza hobeak eskainiz, eta ekoizpen eta langile behartsuen eskubideak bermatuz, Hegoaldean bereziki”.
Nik uste dut bidezko merkataritzak ezberdintasun bat uzten duela agerian: karitatearen eta solidaritatearen artekoa. Bidezko merkataritza bultzatzen duten erakundeak ez dira sortzen Hegoaldeko lurralde batzuetan dituzten txirotasun- eta miseria-arazoak konpontzeko laguntzak emateko, baizik eta arazoa sustraietatik ateratzeko: justizia egiteko. Hau da, herrialde aberatsenek txiroenei aplikatzen dizkieten merkataritza-ohitura protekzionisten aurrean, beste arau eta helburu batzuk dituen merkataritza-aukera bat proposatzen dugu. Aldaketen aurrean alde guztientzat bidezkoa den merkataritza bat bilatzen dute.
Bidezko Merkataritza, beraz, nazioarteko merkataritzaren eta irizpide ekonomikoak soil-soilik kontuan hartzearen alternatiba bat da. Bidezko Merkataritzak ekologia, gizartea eta generoarekin lotutako balore etikoak bultzatzen ditu. Garapen iraunkorrerako lagungarria da, merkataritza-baldintza hobeak eskaintzen dituelako eta ekoizle eta langile gutxietsien eskubideak bermatzen dituelako.
Gugandik oso gertu ditugu horrela lan egiten duten erakundeak, eta askotarikoak dira hauei laguntza eskaintzeko moduak. Aktibista moduan GKE batean sartu gintezke, aurretik formakuntza bat jasota noski, eta elkarlanean ekimen berriak sortu. Bestalde, kontsumitzaile moduan gure produktuen jatorria begiratzen hasi gintezke, gure zilborrari begiratzeaz utzi eta urrutirago begiratzen ikasiz, izan ere gure aldaketa txiki batek eragin handi bat izan dezake beste norbaitengan.
http://www.comerciojustodonostia.org/eu/zer-da-bidezko-merkataritza
http://www.comerciojustodonostia.org/eu/zer-da-bidezko-merkataritza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.