2017(e)ko otsailaren 19(a), igandea

Sexismoa nonahi

Data hauetan, ohikoa da inauterietako festetan jantziko dugun mozorroari buruz hitz egitea, eta are gehiago dendetara mozorro bila joatea. Izan ere, duela hamabost urte inguru mozorroak etxeko jantziekin egiten ziren normalean, gaur egun ordea, ohikoagoa da mozorro dendetara edo denda txinatarretara jotzea, kapitalismoaren eta bizi kalitate mailaren gorakadarengatik, agian.


Lehen, eguneroko arropak etxean utzi, aurpegia estali eta beste rol bat hartzen zen, gaur egun mozorroak diruz erosten dira, eta ezkutatu baino gehiago, agerian uzten dute zerbait: sexismoa.


Gero eta nabariagoa da genero bereizketa; gorputz guztia estaltzen duen mediku jantzia mutilarentzat eta gona motza eta eskotea duen erizain jantzia neskarentzat.


Hau gutxi balitz, sexismoa askoz gazteagoak direnenganaino ere hedatu da. Sareetan polemika sortu duen argazki batean ikus dezakegu “enferma sexy” ipintzen duen mozorroa, 4-6 urteko haurrentzat. Haurren hipersexualizazioa eragiteaz gain, mezu garbi bat transmititzen die neskei: izan ederrak uneoro, mutilen desio heterosexualarentzat, noski.


Arazo orokorrera itzuliz, atera dezakegun ondorioetako bat honakoa da: mozorroek gure gizartea binarismoan gero eta gehiago hondoratzea eragiten digutela. Hau da, jantzi hauek patriarkatuak inposatzen dituen rolak gehiago sostengatzen ditu: emakumeak gero eta emakumeago izatea eta gizonak gero eta gizonagoak. Emakumea edo gizona, ez dago aukera gehiago, eta ez duzu zuk aukeratuko, biologiak egingo du.

Arazo hauen konponbide posible bat genero inguruko prestakuntza da. Bai publizitate agentzietan, baina baita kontsumitzailearentzat. Eskoletan egin behar da indar gehien, haurren pentsamoldea malguagoa delako, eta ikasketa prozesua maila handi batean bertan hasten delako. Kontsumitzaileak era berean badu zeregina: boikota. Gainera, horrelako egoerak partekatzea ere ongi dator: lanean, etxean, lagunartean, sare sozialetan… Kritika oro da ongi etorria.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.