Blog hau idaztera bultzatu nauena hurrengo
lerroetan azalduko dudan bidegabekeria izan da: Aurten, urte berria ospatzeko urtezahar-gauan
lagunartean ateratzeko asmoa genuen eta, horretarako, aldez aurretik enpresa
batek antolatutako festa batera joatea erabaki genuen. Aukeren artean egokiena
iruditu zitzaiguna hartu genuen eta sarrerak eskuratu ostean, festa beste areto
batera eramango zutela jakinarazi ziguten. Ezer jakin aurretik, arraroa egin
zitzaigun aldaketa ospakizunaren datarekiko gertutasuna kontuan izanik eta,
azkenean, arazo administratiboak zirela eta, festa bertan behera utziko zutela esan
ziguten azkeneko orduan.
Denok oso desengainatuak sentitu ginen, batez ere
ilusioa kendu zigutelako; gainera, aintzat hartu behar da gau dibertigarri bat
izango zena zapuzteaz gain, dirua bueltatuko ote ziguten ezjakintasunarekin
utzi gintuztela, eta ez genuela gau berezi horretaz pentsatutakoa bezainbeste
gozatu. Bestalde, okerrena ez zen sarrera erosteagatik ordaindutako dirua izan
(aste pare batera bueltatu zigutena), baizik eta festara joan ahal izateko
beste produktuetan gastatutakoa “galdu” izana; izan ere, beharrezkoa zen
bertara dotore joatea, beraz, une berezietarako arropa erosten eta beste hainbat
gauzatan diru gehiago inbertitu behar izan genuen ezertarako.
Azaldutako kasua ez bada ere, adibide horrekin antzeko
gertaera batzuk etorri zaizkit gogora. Azkenaldian, urtero entzun ohi dugu
ikas-bidaia egitera doazen ehunka ikasle joan ahal izan gabe geratzen direla, dena
ordaindu eta gero, azkeneko orduan bidaia egiteko interneten kontratatutako
enpresek bertan behera uzten dutelako. Penagarria iruditzen zait gazteon
esperientziarik ezaz edo adingabetasunaz aprobetxatzen diren “enpresa” horien
jarduna; izan ere, horrelako iruzurren arduradunek milaka euro
sakelaratu ondoren, ez dute bizi diren seinalerik ematen gazteei txandrioa egin
eta gero. Beraz, selektibitatea amaitu ostean, ikasleek haien bizitzako bidaia
modurik okerrenean zapuztuta ikusten dute azpikeria batengatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.