2019(e)ko martxoaren 22(a), ostirala

Kapitalismoa eta klima aldaketa

Greta Thumberg 16 urteko neska suediarrak hasitako kanpaina aktibista jarraituz, azken aldian, klima aldaketaren arazoa guztion ahotan dago. “Friday for Future” lemapean, mundu osoko milioika ikasle lanuztea egitea erabakitzen ari dira planetaren etorkizuna arriskuan jartzen duen gai honen kontra protestatzeko. Klima aldaketa ahalik eta azkarren frenatzeko, hainbat aldaketa egin behar ditugu gure eguneroko bizitzan. Hala ere, arazo hau aspalditik dator eta  ez da birziklatze hutsarekin edo animalia kontsumorik gabeko dieta hastearekin aldatuko. Klima aldaketaren benetako arrazoia gure sistemak funtzionatzen duen moduaren sustraietan dago, gaur egungo gizartearen funtzionamenduaren erroan. Horregatik, azaleko konponbideak bilatu beharrean, klima aldaketa modu eraginkorrenean ekiditeko era bakarra kapitalismoarekin amaitzea da, gizartean nagusi den pentsamolde kapitalistarekin.

Klima aldaketa eta berotegi efektua gaur egungo sistema ekonomiko eta industrialaren emaitza dira. Momentu honetan, mundu mailan esfortzu izugarria eginez, 2030. urterako tenperaturen berotze maila 1,5 gradutik behera mantendu genezake, kasurik hoberenean. Hori ezingo bagenuke lortu, munduak tenperatura maila altuegia hartuko luke, ekosistemen kolapsoa, ozeanoaren azidotzea, masa desertifikazioa eta kostaldeko hirien hondoratzea eraginez.

Errealistak izanez, pausu handiago bat eman behar da. Karbono emisioak kontrolatzeko lege eta politikek ez dute askorik egingo. Gizarteak eta egungo sistemak egin beharko lukena, orokorrean lana, kapitala eta jabetzarekiko ditugun harremanak berrebaluatzea izango zen. Industria-ekonomiaren berregituraketa dramatikoak aldaketa handiak pairatuko lituzke ongizate estatuan. Sistemak funtzionatzeko dituen elementu guztiak eztabaidatu behar dira etorkizunean ongizate indibidualerako diseinatutako jarrerek lur planetan ondorio latzik ez dituztela berresteko. Gure ekonomia sistema berritu egin behar da orain dugun ikuspegia atzean utzita, ikuspegi humanitarioago eta iraunkorrago batez begiratuz.

Eta, nola eragiten du ekonomia sistema kapitalistak ingurumenean? Indarrean dagoen funtzionatzeko modu honek, boterean daudenen onurarako baino ez du jokatzen. Kapitalismoaren xede handienetarikoa, gauza askoren artean, diru sarrera handienak lortzea da, arlo pribaturako betiere. Pentsatzeko era honek erabat kanpo uzten ditu gizartearen eta ingurumenaren ongizatea. XXI. mendeko gizakia gizaki kontsumista da, eta hori da kapitalismoaren oinarrietako bat. Kontsumitzailea etengabe dago erosten eta erositako hori botatzen, hondakinak sortzen, ziklo horretan etengabe murgilduta. Ekonomia zirkularra eta antzeko neurriak hasi dira ateratzen, baina ez zaie jaramonik egiten.

Herrialde garatuetako gobernuak inbertsio handiak egiten ari dira arazo hau konpontzeko bideen bila. Hala ere, klima aldaketa ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean erradikatzeko erantzuna emanda dago: egungo ekonomiaren oinarriak birpentsatzea. Ez da bilatu edo diseinatu behar, martxan jarri eta aldaketak egiteko prest egon baizik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.