Gogoan dut haurra nintzela nola jolasten nuen nire auzoko plazan, nire auzokideekin. Gogoan dut kalera irten eta jende ezaguna besterik ikusten ez nuen garaia, auzotar sentitzen nintzen garaia. Konstituzio plazan egoten nintzen sokasaltoarekin jolasten, auzoko haurrekin batera. Orain, haurra nintzenetik urte asko pasa ez diren arren, kosta egiten zait auzoko plazan auzotarrak topatzea. Etxeko balkoira irten, eta pareko eraikin osoa obretan ikusten dut; beste pentsio bat.
Donostian, urteak joan, urteak etorri, gero eta turista kopuru handiagoa dago. Kalera irten eta hizkuntza arrotzak besterik ez dira entzuten, eta arpegi arrotzak besterik ez dira ikusten. Garai batean, kalera atera eta turistaren bat ikusten nuen. Orain, ordea, kalera atera eta auzokideren bat besterik ez dut ikusten, ezezagunez inguratua.
Horrez gain, zaila egiten zait hotelez betetzen ari den nire auzoan, hau da, Alde Zaharrean, nire etorkizuna irudikatzea. Gustatuko litzaidake nire auzoan bizi ahal izatea, baina ikusirik gero eta hotel edo apartamentu turistiko gehiago daudela, eta pisuak geroz eta garestiagoak direla, zaila ikusten dut etorkizunean nire auzoan bizi ahal izatea.

Kalera irten eta dena dago turistei begira prestatuta; dendak, tabernak, terrazak, aisialdirako ekintzak, prezioak, etab., eta nola ez; hotelak eta pentsioak albo guztietan, bertako biztanleez ahaztu izan balira bezala. Eraikitzen ari diren pentsio eta hotel guztiekin ez dago auzotarrentzat lekurik, eta gazteak ezin emantzipatu dabiltza, haien auzoan bizitzeko aukera urriekin, eta lan-baldintza eskasekin.
Donostia turistentzako hiria bihurtzen ari dira, ez hiritarron bizileku. Erantzun gisara, Donostiar gazteak turismoaren aurka borrokan ari dira, hiria hiritarrentzat dela aldarrikatuz. Gazteok geure auzoetan bizi eta duintasunez lan egin nahi dugu, ez dugu geure auzoan arrotzak sentitu nahi.

Nik, auzotar bezela, ez dut nire auzoan arrotza sentitzen jarraitu nahi, eta nire ustez, egoera hau kontrolatu beharra dago. Ezin diegu enpresari eta nagusiei geure lepotik aberasten utzi, bizilekurik gabe uzten gaituzten bitartean. Izan dadila Donostia bai auzotarrarentzat eta bai turistarentzat leku aproposa, gaur egun, ez baita aproposa ez bata ez bestearentzat. Beti bezala, argi geratu da geure hirian zerri ematen zaion lehentasuna.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.