2018(e)ko martxoaren 16(a), ostirala

Erosketen beharra

Teknologia berriak geroz eta gehiago ari dira gure gizartera egokitzen, abiadura oso handian. Orain dela urte batzuk, gutxi batzuk bakarrik zutenean mugikorra, ez dut uste inork pentsatzen zuenik mugikor batengatik horrenbeste ordaintzera iritsiko ginenik. Eta ez hori bakarrik, nork imaginatu zezakeen internet bidez edozer erosteko ahalmena izango genuela click batekin bakarrik?

Erosotasunagatik, azkartasunagatik edo alferkeriagatik bada ere, gure gizarteak geroz eta gehiago erosten du sarea erabiliz. Gainera, askotan, gure inguruko produktuetatik bereizten direnak bilatzen ditugu, gu bakarrik garenak jaun eta jebe. Gehienak gure inguruan ditugu, baina kontsumismoan erortzen gara eta geroz eta gehiago behar dugu, marka bereziak, exklusiboak, orduan eta jende gutxiagok dituen produktuak, horretarako munduaren beste puntatik eskaria egin behar badugu ere. Eta noski, azkar behar dugu guztia, orain eta hemen, eta paketetxo polit batean baldin badator gure harrapakina orduan eta hobeto, argazki bat atera eta sarera igotzeko. "Unboxing" deitzen diren youtuberren bideo amaigabeek hori erakusten digute, produktuak barra-barra, segundu bat kamararen aurrean eta agur. Baina azkenean, produktu horiek ( askotan markak publizitatea egiteko ordaindutakoak) izugarrizko jendetza bultzatzen dute berdina egitera, click eta saskira. Bestalde, harritzekoa da hiru erosketetatik bat zapatak izatea, normalean neurriak eta ondo ditugun ikustea komeni baita. Baina sareak duen ahalmena mugagabea da.


Geroz eta gehiago ari da handitzen online dagoen merkatua, ikusi besterik ez dago enpresa garrantzitsu guztiek dutela zerbitzu hau. Baina ez enpresa handiek bakarrik, baita txikiek ere. Agian ikusten ez duguna sarean erostearen arriskuak dira. Gehienetan ez ditugu irakurtzen erosketa bakoitza egiten dugunean onartzen ari garena. Orain dela gutxi irakurri nuen, arropa marka baten orrialdean erosketak egitean eta beraien enpresako politika onartzean, "club vip" moduko batean sartzen zinela, bidalketa doan, opariak...hori da webean jartzen zuena, baina jendeak etzekiena zen ( badaezpada letra oso txikiz jarri baitzuten) hilabetero kuota altu bat ordaindu behar zenuela horretarako. Ehundaka pertsona engainatu zituzten honela, hilabetero-hilabetero dirua kenduz beraien kontu-korrontetik, bezeroak konturatu arte eta konturatzen zirenean ere oso zaila zen arazoa konpontzea, emandako telefonoak eta emailak ez baizuten funtzionatzen eta beste kontinenteko enpresa batekin kontaktuan jartzea oso zaila baita, negozio perfektua.  Hau ez da iruzur bakarra, milaka gehiago daude eta zailak dira detektatzeko.

Baina benetan pentsatu behar duguna da: behar ditugulako erosten ditugu edo ezin dugulako erosi gabe bizi?

I

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.